XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Erraz ikusiko duzu, irakurle, nere liburu honetan, zenbateraino dudan nik gogoan, hemen egiten ditudan gogapenetan, filosofia aurretik, ELERTIAN ematen zaigun Ethica utens hori.

Ez nuen alferrik, adibidez, nere irakaskintza lehen urteetan, Etika ikasturte edo ikastaro ia osoa Paul Sartreren LES MOUCHES, EULIAK aztertuz eman.

Egunkariak eta elertia, bada nere lan osoan zehar aurkituko dituzu, Ethica docens edo gogapen etika-teoriaren muin eta arnasa.

Gainera, elerti liburu askotan ethica utens deritzan hori, ethica docens bihurtuta azaltzen zaigu.

Begibistan edo bihotz-taupadan teoria gogapen edo ethica docens bilakatutako geure biziera edo ethica utens.

Edozein etika ikasliburu baino areago den etika teoria, ze osoago, zabalago eta sakonago, bai eta zehatzago ere ematen digu etika bera, osoago, zabalago eta sakonago eskeiniz etika den gizakia.

Ez dezagun ahaztu etika, gizakiari GIZAKI denez dariola.

Ez filosofari edo langile edo politikari edo bereak diren zenbatezin eginkizun denez bakarrik.

Etikaren arazoa, gizakia gizaki denez da.

Gizaki OSOAREN arazoa da.

Gizaki izan ala ez, da.

Horrela, edonon, jendeak, bere herri adierazpenetan: Hi ez haiz gizona... ez haiz andrea.

Hi mamua haiz... txarri haundia haiz.

Eta elertiak, ideiak, pentsakerak, teoriak... heuren errealilate osoan mamituta, osatuta, bizituta ematen dizkigu, giza sentipen-grina-hezur-haragian alegia.

Osoago adierazten digu etika, osoago gizakia, ze hobeto, sakonago eta errezago ulertzen dugu Aristotelesek zioena: Zelan bakoitza, halan bere helburua.

Pascalek, bere esaera ospetsuarekin baieztatzen zuena: .

ETIKA SARRERA eskeintzen dizut, bada, nere lan honetan.

Eskeintza hori, ordea, EZ-TA-BAI-dan eskeintzen dizut.

Hori da nik aukeratu dudan metodoa.

Metodoa, hitzaren etimologiaz, meta-odoa, bidean zeharkakoa = bidean zehar egiten den bidaia... norabait heltzeko edo, gutxienez, heltzekotan egiten dugun bidaia.

Ez da, bera, metodoa, helburua.

Helbururako edo helbururuntz bidezkoa baizik.

Nik, baina, egina dut, hein batetan behintzat, bidea eta bidaia.

Etikaren bideak jorratuak eta ezagutuak ditut.

Sarritan, bere laberintoetan edo zabaldietan, gailurretan edo leizeetan, ilunpez edo dizdiraz mamitutako ezkutu edo zelaietan ibilia naiz.

Egina dut, bai, nik, metodoa, meta-odoa eta bidean zeharkakoa.

Eta muturreraino edo gailur bateraino heldu naizelako dakit, hain zuzen, nere meto-doa.

Metodo hori, zeuk, irakurle, ikasiko duzu, irakurbidea egiten baduzu.

Nik, orain, zera aurreratzen dizut: Bidelagun asko izan ditudala, zorionez.

Eta horiekin ez eta baian, eztabaidan bete dudala nere bidaia edo nere bide zeharkakoa, meta-odoa alegia.